XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Helikopteroentzako argiola xikitxo bat zen, Ekipo Elektrikoen Konpainiako sukursala.

Azotean bertan errezibitu zituzten (Inspektorearen gomendiozko kartak eragin magikoa baitzuen) Nagusi Teknikoak eta Giza Elementuko Zuzendariak.

Jautsi ziren argiolara.

- Fabrikaldi bakoitza - azaldu zuen Giza Elementuko Zuzendariak -, ahal dela behintzat, Bokanowsky sail bakar bati eginerazten zaio.

Han ari ziren laurogei eta hiru Delta buru zapal, beltz eta ia sudurmotz, hotzean inprimatzen.

Jengibre koloreko berrogei eta hamasei Gamma sudurmakok manaiatzen zituzten mandrildun eta launa taratuludun berrogei eta hamasei tornuak.

Fundizioan ehun eta zazpi Epsilon Senegaldar ari ziren lanean, beroari eusteko apropos egokiturik zeudenak.

Tornilu mozketan ari ziren hogei eta hamairu Delta eme, buru luzenga, beilegi, pelbis hestu, eta denak metro eta hirurogei eta bederatzi zentimetro luze, hogei milimetroko aldea zutela gehienaz.

Montaje salan Gamma-Gehiago ipotxen bi sail dinamo montatzen ari ziren.

Lanerako bi mahain luzeak elkarren aurrez aurre zeuden.

Bien artetik arrastatzen zen pieza soltez kargaturiko zinta amai gabea.

Berrogei eta zazpi buru beilegi errezkan beste berrogei eta zazpi buru beltzeranen aurrez aurre...

Berrogei eta zazpi sudurmotz beste berrogei eta zazpi sudur luzeren aurrez aurre.

Berrogei eta zazpi kokots zapal beste berrogei eta zazpi kokots zorrotzen aurrez aurre...